Azken orduetan, Twitter sare sozialak egindako aldaketek, elementu berri bat gehitu dute txiosferara. Fleet izena jarri diote, eta orain arte beste sare sozial batzuetan ezagunak ziren argitalpenen antza du. Snapchat izan zen zerbitzu hau eskaintzen lehena, baina atzetik, errenkan etorri ziren gainontzekoak ere. Produktu berriarentzat aukeratutako izenak flotatzeari egiten dio erreferentzia, mezua zabaltzearekin gure pantailetan agertuko den animazioari erreferentzia eginez.
24 orduren buruan desagertu egiten diren mezuak dira Fleet-ak, Instagramen hain ezagunak diren Storyen tankerakoak. Hemen ere argazki, bideo eta mezuak jarri ditzakegu, gure jarraitzaileen artean zabaltzeko. Eta noski, gainontzeko sarretan gertatzen den moduan, 24 ordu eta gero, ezabatu egingo dira.
Sare soziala zabaltzean, goialdean agertuko zaizkigu Fleet berriak. Jarraitzen ditugun pertsona, talde edo erakundeen argazkiak ikusiko ditugu borobiltxo baten barruan, eta nahikoa izango da hauetan klik egitearekin mezuak ikusteko.
Gaur bertan estreinatu den produktuak, muga batzuekin merkaturatu da: asko jota 30 segundoko bideo eta argazkiak partekatu baitaitezke bertan, eta oraingoz ezin baita inoren aipamenik egin bertan.
Aldaketetan murgilduta dago Twitter
Txioak, ez dira testua bakarrik. Aspaldidanik gehitu ditzakegu gure eguneroko katera bai bideo, argazki, inkesta… eta 2020ko erdialdetik, baita audio bidezko mezuak ere. Txiosferak ez du beste sare sozial askok izan duten hazkundea izan azken urteetan, eta aldaketa hauek jendea berriro harrapatzeko intentzioarekin datoz.
Hala ere ikusi egin beharko da zernolako erabilera ematen diegun erabiltzaileok Fleeten berrikuntzari. Instagram, LinkedIn,Facebook eta WhatsAppek antzeko zerbitzua eskaintzen baitute, baina erabilera oso ezberdina baita. Zein izango ote da hurrengo berrikuntza? Instragameko Reelsak kopiatzea? Bide batez Instragramek hau TikTok Saretik kopiatutakoak dira. Oso ohikoa da, batek kaleratutako berrikuntza, gainontzekoek ere azkar bereganatzea.
Twitterreko mezu arruntei txio izena jarri bagenien, Fleet hauei ere izena jarri beharko diegu. Esan bezala, kontuan hartu beharko dugu flotatzeari egiten diola errefentzia Fleet izenak. Horregatik , eta sare sozialean bertan erabiltzen den argota erabiliz: Txiosfera, egin ezazu zure magia!