Azken urteetan eduki multimediak kontsumitzeko ehunka aplikazio ikusi eta probatu ditugu. Batzuk streaming bidezko edukiak eman izan dituzte, beste batzuk ordea, edukiak nahieraren eskaintzearen aldeko apustua egin dute. Estreinatu berri den Pluto Tv-k bi zerbitzuak ditu. Eta hau gutxi balitz, doainik.
Ohiko telebistaren antzeko 40 kanalekin zabaldu ditu ateak Pluto TV-k: Telesailak, pelikulak, haurrentzat edukiak, sukaldaritza, bideo-jokoen kanala… Denetarik! Edozein momentutan, nahi dena aukeratzeko zerbitzuan aldiz telesailak eta pelikulak aurkituko ditugu.
Hastapenak
Esan bezala, martxan jarri berri da Pluto Tv, eta gaur gaurkoz 40 telebista kate baditu ere, denbora gutxian 100 izatea nahi dute enpresatik. Hori bai, kate batzuk monotematikoak direla esan daiteke: telesail zehatz bakar bat eskaintzen baita bertan 24 orduz. Katearen izena ere telesailarena da (Vaya Semanita edo El Conquistador del Pacifico).
Nahieran zerbitzuak Netflix, HBO edo Disney+-ekin alderatu ezkero, Pluto TV hankamotz geratzen da. Oraindik ere eduki gutxi dituelako. Denboraren poderioz gehitzen joango direla pentsa liteke.
Hori bai, badu bere arerioekin alderatuz indargune garrantzitsu bat: Doakoa da. Publizitatearen bidez finantzatuko da Pluto Tv, eta lan horretarako Movistar+-ekin itxi berri du akordioa. Kontuan eduki behar da baita ere, ez duela inolako erregistrorik eskatzen. Nahikoa da aplikazioa instalatzearekin edukiez gozatzeko. Izena ematea, ez da beharrezkoa.

Eskuragarri dago
Urriaren 26an jarri zen gurean martxan Pluto TV, bai ipar baita hego Euskal Herrian ere. Eta gaur gaurkoz, gailu mugikorretarako dago eskuragarri. Datozen egunetan Smart TV-etarako merkaturatuko da (Samsgung etxeko gailuetatik hasita).
Arrakasta edo porrota, denborak ekarriko du. Ez bailitzake lehen aldia izango enpresa bat indartsu hasi eta hilabete gutxian ondoratzen dela. Ez da ahaztu behar Sky multinazionalak agur esan behar izan ziola gurean antzeko zerbitzua emateari. Eta ez da doainik eskaintzen den zerbitzu bakarra EiTB-k duela urte asko eskaintzen baitu Nahieran zerbitzua inolako gainkosturik gabe.
Zerbitzua, ez da berria, ez du berrikuntza handirik, baina merkatuarentzat garrantzitsua izan daiteke bere esperientzia. Denborak argituko du hau ote den etorkizuneko telebista, edo ez.